top of page

EKHIÑE IV

  • Foto del escritor: Maria Eugenia Lopez
    Maria Eugenia Lopez
  • 4 dic 2022
  • 2 Min. de lectura

Actualizado: 23 mar 2024








ree


– Gaur ikasle berri bat dugu gure artean, eta Laia du izena. Etorri nahi duzu guztion aurrera, Laia, zure burua aurkeztera?

Klase guztia isildu eta Laiari begira geratzen da. Honek ez du ezer erantzuten.

– Nahi duzu edo ez duzu nahi, Laia? –errepikatzen du andereñoak.

Klasekideak elkarri xuxurlaka jartzen dira eta Ekhiñe, Laiaren urduritasuna ikusita, zutitu eta klaseari hitz egiten dio:

– Laiak ez du bere burua aurkeztu nahi. Ezagutu beharko zenuten jada. Gela honetan inork ezagutzen ez dituen lurraldeak bisitatu baititu. Elefanteak libre korrika egiten ikusi ditu, lehoien beldur ere ez da eta toki hau aspergarria iruditzen zaio bizi izan dituen abenturekin konparatuta.

Laiak serio jarraitzen du eta klasea aho-zabalik geratzen da. Guztiek dituzte galderak.

– Beno, nahikoa da, patio-orduan egin diezazkiokezue galderak. Orain ostiraleko ariketarekin jarraitu beharra daukagu –mozten die maistrak.


Txirrina jotzeko irrikaz daude guztiak, Laiarekin egotea besterik ez dute nahi. Klasea amaitzerakoan, korrika batean altxatzen dira denak eta bere mahaia inguratzen dute.

– Nola egiten dute korrika elefanteek, Laia? Zenbat ikusi dituzu? Oso handiak dira?!

Laiak besoa luzatu eta sudurrera gerturatzen du, saltoka egiten aldi berean:

– Horrela egiten dute!!! Goazen ilaran!! –Ekhiñe Laiaren keinua errepikatuz garrasika hasten da.

Elefanteak bailira denak, Laia jarraitzen dute patioan zehar haur guztien atentzioa deituta. Txundituta geratzen dira guztiak!

– Eta jirafak, Laia? Nolakoak dira?! –hasten da beste bat.

Hamaiketakoa hartu eta buru gainean ipintzen du Laiak gorantz eginez besoekin. Barre batean guztiak jirafak bailira bezala bueltak eta bueltak ematen hasten dira, beste edonork animali bat proposatu arte.

Lehenengo aldia da Laiarentzako horren beste haurrez inguratuta dagoela, eta Ekhiñe besarkatzen du jolas-ordua amaitzen denean:

– Oso ondo pasa dut, eskerrak irakasleari erantzun diozun –aipatzen du lotsati Laiak.

– Benetan dibertigarria izan da, guztia sinetsi dute, jajajja. Esan nizun beldurrik ez edukitzeko –Ekhiñe alai dago oso eta bostekoa ematen dio.

Entradas relacionadas

Ver todo

Comentarios


Izenpetu ipuinak eta mitxoletak jasotzeko

Mila esker bihotzez!!

© 2023 by The Book Lover. Proudly created with Wix.com

bottom of page