INURRI BIHURRIAK VII
- Maria Eugenia Lopez

- 16 feb 2023
- 3 Min. de lectura
Actualizado: 23 mar 2024

Inurriak biderkatu eta biderkatu besterik ez dute egiten, Julen eta Beñaten poltsikoetan sartuz irakaslea gerturatzen denan, eta berriro ateraz, matematikak egiten jarraitzeko, zutabeak sortuz haien artean.
– Zer dugu gero, Julen?
– Guztia ahazten duzu eh, Beñatotxooo! Urrian gara dagoeneko, ikasia eduki beharko zenuen ordutegia!
– Ez niri adarra jo, aizu! Matematikako ariketen emaitza nahi baduzu behintzat …
– Beno, inurriak ditugu orain matematikak egiten, jajjaj! Ez nuen izorratu nahi, zu, zugatik dakizkit orduak, ba, lasai.
Biek egiten dute barre. Beñateri memoriz ikastea kostatu ohi zaio, baina talde bikaina egiten dute elkarrekin. Arazoak konpontzen ona da Beñat, eta Julenek memoriz ikasi beharrekoa esaten dio buruz.
– Soinketa dugu orain, asteartero bezala –oroitarazten dio Julenek.
– Buaaa, badakit zer egin behar dugun orduan. Juuuuuuj! Sar ditzagun inurriak poltsikoetan, txiribueltarik onenak atera behar direla gaur klasean!
– Zertaz ari zara?
Mikel eta Xabik beti egiten diote barre Juleni pinua ateratzen ez zaionean. Berez Julen oso kirolaria da, baina ez ditu gainontzekoek jarraitzen dituzten kirolak gustuko. Futbola gorroto du, eta baita saskibaloia ere. Talde baten aurka egiteak burua nahasten dio. Nahiago du eskalatzera joatea, mendiak igotzea, elurretan ibiltzea raketa edo eskiekin neguan... eta ona da ere igeri egiten!
Mikel eta Xabi klaseko txapeldunak dira talde kiroletan, gainontzeko guztiak irabazten baitituzte. Julenen txanda denean txiribueltak edo pinua egiteko soinketako klasean, bere arreta galarazten saiatzen dira aldiro, haiek bezain ona izan ez dadin. Ez dute haien lehenengo postua galdu nahi, alegia. Juleni axola ez zaion arren, egia da pakean uzten ez dutela askotan, eta egoera horrekin nekatuta dago.
Belarrira hitz egiten dio Beñatek Juleni soinketa gelara sartu behar direnean:
– Emaizkidazu zure inurriak, ideia bat daukat.
Klasetik ateratzen da, hortaz, segundu batzuk, inurri bihurri taldearekin hitz egitera:
– Oso onak zarete kilimak egiten, nabari zaituztet poltsikoetan mugitzen zaretenean. Egin ezazue gauza bera Julen izorratzen dabiltzaten bi kide horien besoetan ba, pinua egiten ari dutenean bakarrik, mesedez! Utz dezaten bakean nire laguna.
TXIP-TXIP-TXIP-TXIP-TXIP! Honela, banan-banan txiribueltak eta pinua egiten daudenean klasekideak, inurriak koltxoneten azpitik ibiltzen doaz, Mikel eta Xabi inguratuz, haien praketatik igotzeko prest beraien txanda iristen denean pinua egiteko. Julenen koltxoneta bultzatzeari ekiten diote Mikel eta Xabik pinua egiten ari duen bitartean Julen, baina ez da erortzen.
– Aizue! –irakaslea haserretzen zaie hau ikustean.
– Nahigabe izan da, benetan! –esaten dute biek aldi berean.
– Zuen txanda ba orain, ea zeinen ondo egiten duzuen –erantzuten die serio irakasleak.
Pinu izugarri itzel eta primerakoa egiten dute biek orduan, ez dute inoiz ez dardar egiten ezta. Pinua zuzen mantentzeko gai dira, gainera, luzaroan.
– Orain!!! –agintzen du inurri bihurriak.
Bi mutilen praketatik behera egiten dute inurriek, Xabi eta Mikelen besapeetaraino iritsiz, biribil batean mugitzeko. UIUUUIUUUI! Haien pinu perfektua albo batera eta bestera joaten zaie une horretan. Barre urduri bat ateratzen zaie biei aldi berean. KLONKKK!! Eta bata bestearen gainera erortzen dira kilimak ezin jasanda, barrezka!
Hainbeste barre egiten dute, gainontzeko klasekideak ere barrezka hasten direla!
– Oso dibertigarria izan da! –inurri bihurriak Beñateneraino itzultzen dira alai.
– Gaurkoan ez duzue notarik altuena eramanen –esaten du irakasleak Mikel eta Xabiri begira.
Julenen atzetik ateratzen dira soinketa gelatik Mikel eta Xabi klase amaieran, baina inurri bihurriak prest daude haien belarrietan sartzeko keinu itsusiren bat egin behar diotenean hari, eta egun amaierarako nekatuegiak daude Julen izorratzen saiatzen.
– Oso ondo pasa dugu! Oso ondo pasa dugu!! Non da gure ogitartekoa? –inurri bihurriak Beñat eta Julenekin biltzen dira Ikastolatik ateratzean.
– Egun bikaina pasa dugu gaur elkarrekin, ogitartekorik handiena egingo dizuet! –esaten die Julenek.
– Aizu, nik aurkitu nituela inurri hauek, nire etxera datoz! –kexatzen da Beñat– ezin dituzue ba lagun gehiago deitu? –galdetzen die inurri bihurriei– Txangoa dugu asteburu honetan! Ogitarteko pila egongo dira, eta baita gailletak ere!
– Gailletak! Gailletak!! Gailletak!!! –dantzatzen hasten dira inurri bihurriak.
– Hiru zurekin eta hiru nirekin ba, Beñat, bihar gehiago izango direla –eskatzen dio Julenek.
– Ados, Julenotxoo!


Comentarios